2026/10/28

Bariku Santu

BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen.

Goratzarrea

HOR JAUNAREN EZAUGARRI

Hor Jaunaren ezaugarri,
hor gurutzea dirdaidun
bizia denak, hor hilik,
bizi berri eman zigun.

Guk egin-hobenen ziztak
bihotza zion agertu,
hoben hauek garbitzeko
ur-odola isuri du.

Errege-jantzi gorriaz
ederturiko zuhaitza,
gorputz santu hau hartzeko
zuhaitz guztietan hauta.

Dohatsu zu, besoetan
bait duzu gure Bizia;
infernuari diozu
kendu bere dun saria.

Gurutze, zu poz bakarra,
Pasio-aldi honetan,
gehitu zintzoen grazia
gaitza kendu gaiztoengan.


Salmoak

1 Ant. Herri guztiok, begitu eta ikusi ba ete dan saminik, nirea hainakorik.

115 Salmoa

«Ni bai dohakabe» ninoan arren, 
    baneukan itxaropen.
    Hauxe esan neban nire larrialdian:
    «Gizaki guztiak dira guzurtiak».

Zer bihurtuko deutsat Jaunari,
    emon deustazan guztiekaitik?
    Salbazino-edontzia dot hartuko,
    eta Jaunaren izena deituko.

Emongo deutsadaz Jaunari
    zin egindakoak,
    herri guztia begira dagoala.

Jaunaren begietan balio handikoa
    Haren zintzoen heriotza.
    Zure morroi nozu ni, Jauna,
    zure morroi eta
    zure neskamearen semea,
    askatu dozuz nire kateak.

Eskeiniko deutsut gorets-oparia,
    deituko dot, Jauna, zure izena.
    Emongo deutsadaz Jaunari
    zin egindakoak,
    herri guztia begira dagoala.
    Jaunaren etxeko atarian,
    Jerusalem, zure erdian. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Herri guztiok, begitu eta ikusi ba ete dan saminik, nirea hainakorik.

 

2 Ant.  Barruko kemena makaldu egin jat, bihotza barruan dardaratu egin jat.

142  Salmoa, 1-11

Entzun, Jauna, nire otoitza,
      hartu eizu nire eskaria
      zure leialtasunez,
      entzun naizu zure zuzentasunez.
      Ez deitu morroi honi auzirako,
      gizaki zintzorik
      zure aurrean ez dago-ta.

Arerioa neure atzetik dabil,
      lur-jorik laga dau nire bizia,
      ilunpetan ipini nau,
      aspaldi hilen antzera.
      Barrukoo kemena makaldu jat,
      bihotza barruan dardaratu jat.

Behinolako egunak ditut gogoan,
      zure lan guztiak
      dihardut hausnartzen,
      zure esku-lanak
      dihardut gogora ekarten.
      Nire eskuok Zeugana zabaltzen dira,
      nire gogo hau, lur lehor,
      Zutaz egarri da.

Entzun laster ni, Jauna,
         arnasea be  joan jat-eta.
         Ez ezkuta niri zure aurpegia,
         ez naiten heriotza-lezara jausiak lez.

Entzunazo niri goizean
         zure maitasuna,
         Zeugan dot-eta itxaropena.
         Adituazo eidazu
         hartu behar dodan bidea,
         Zeugana jasoa dot-eta bihotza.

Atara naizu, Jauna,
         arerioen menpetik,
         Zeugana nator-eta ihesi.
         Zuk nahi dozuna egiten irakatsi eidazu,
         nire Jainkoa Zeu zaitut-eta.
         Zure arnasea ona da,
         zabaldira atara naiala.

Zure izenagaitik, Jauna,
         nire bizia zaindu,
         zure zuzentasunez
         atara naizu larrialditik.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Barruko kemena makaldu egin jat, bihotza barruan dardaratu egin jat.

 

3 Ant.  Ozpina hartu ondoren, holan esan eban Jesusek: Bete da dana. Eta, burua makurturik, azken-arnasa emon eban.

  Kantika: Flp 2, 6-11

Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera
      bereko izanik,
      ez eutson gogor eutsi
      Jainkoarekin bardin izateari;
      bestetara, baino,
      bereaz hustu egin zan,
      morroi-izaera hartuz,
      eta beste edozein lez azalduz.

Eta gizon lez agerturik,
      apaldu egin eban bere burua,
      menpeko eginezh eriotzaraino,
      kurutzeko heriotzaraino.

Horregaitik Jainkoak goratu egin eban,
      eta izen guztien gaieko izena
      emon eutson,
      Jesusen izenera
      belaun guzti makurtu daiten,
      zeruan, lurrean eta lurpean,
      eta mihin guztik autortu daian:
      Jesu Kristo Jauna da,
      Aita Jainkoaren aintzarako.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Ozpina hartu ondoren, holan esan eban Jesusek: Bete da dana. Eta, burua makurturik, azken-arnasa emon eban.

 

Jainkoaren hitza

Ik. 1 Pe 2, 21-24

        -Kristok nekeak jasan zituan gugaitik, bere urratsei jarraitzeko eredua geuri itzirik: ez eban egin pekaturik, ez eben aurkitu Haren ahotan guzurrik. Txarto-esaka erabilenean, ez eutsen txarto esanez erantzuten; ez eutsen zemairik egiten nekaldian, bere burua itzirik epaile zuzenaren esku. Gure pekatuak bere bizkarrean eroan ebazan haga-ganera; gu pekaturako hilik, santutasunerako bizi izan gaitezan; Haren zauriek osatu gaitue..

 

Galderantzunaren ordez, hauxe esaten da:

Ant. Kristo gugaitik menpeko egin zan heriotzaraino, kurutzeko heriotzaraino.


Magn. ant.
Arerio ginala, Jainkoagaz adiskidetuak izan ginan bere Semearen heriotzeari esker.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Arerio ginala, Jainkoagaz adiskidetuak izan ginan bere Semearen heriotzeari esker.

 

Eskariak

        Munduari bizia emon eutson Jesu Kristo gure Jaunaren heriotzea gogoratuz, eskatu deiogun Jainko Aitari:

Zure Semearen heriotzeagaitik, entzun gaitzazu, Jauna

        —Zaindu eizu Eleizearen batasuna; izan gogoan I… gure Aita Santua; egizuz santu, zure Espiritu Santuaz, gotzainak, abadeak, diakonoak eta kristau guztiak.

Zure Semearen heriotzeagaitik, entzun gaitzazu, Jauna

—Indartu kristaugaien sinismena eta adimena, eta batu eizuz kristau guztiak batasunean.

Zure Semearen heriotzeagaitik, entzun gaitzazu, Jauna

—Ekarri eizuz judutarrak Kristoren salbazino osora, eta argitu eizuz, Kristogan sinisten ez dabenak.

Zure Semearen heriotzeagaitik, entzun gaitzazu, Jauna

—Ukatzen zaituenei, erakutsi eiezu Zuk egindako gauzetan, zure maitasunaren ezaugarria.

Zure Semearen heriotzeagaitik, entzun gaitzazu, Jauna

—Zuzen itzazu, agintarien adimenak.

Zure Semearen heriotzeagaitik, entzun gaitzazu, Jauna

—Alaitu eizuz, nahigabetu guztiak, eta emoiezu zure parkamena hildako guztiei.

Zure Semearen heriotzeagaitik, entzun gaitzazu, Jauna.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

        Jaun ona, begiratu Zure familia Santuari, beragaitik eroan ebazan-eta Jesu Kristo gure Jaunak kurutzeko nekeak, bere burua bere arerioei emonez. Zurekin  eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.