2026/10/28

Eguazten Santu

BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen.

Goratzarrea

OI GURUTZEA

—–Zure besotan, oi gurutzea,
      hil zaigu Jesus maitea.
—–Haren gurutze ezartzailea
—–ni naiz, ni pekataria.

Oi gurutzea, oi gurutzea,
gurutze santu maitea.

—–Jesu Kristoren odolak zaitu
—–Kalbarioan gorritu.
—–Ezerk geroztik munduan ez du
—–zuk bezainbat distiratu.

Oi gurutzea, oi gurutzea,
gurutze santu maitea.

      Etsaiarekin beti burrukan
—–hemen gabiltza munduan.
—–Gure gidari zu bazaitugu,
—–nork gu garaitu orduan?

Oi gurutzea, oi gurutzea,
gurutze santu maitea.

      Jesu Kristori zurekin baizik
—–ez dio inork jarraitzen.
—–Zure bidetik da beti zuzen
—–kristaua zeruratutzen.


Salmoak

1 Ant. Holan inoen gaiztoek: jarri deioguzan sareak zintzoari, aspergarri jaku-ta.

61 Salmoa

Nire barruak
     Jainkoagan baino ez dau atsedena,
     Harengandik nire salbazinoa.
      Bera baino ez dot harkatx
      eta salbazino,
      nire babes: ezin naiteke kolokatu.

Noiz arte erasoko deutsazue
      gizon bakarrari,
      danak batera ha lurreratu nahian,
      horma okertuaren,
      harresi arrakalduaren antzean?

Ni nire gaindegitik trokaratzea dabe
      asmo bakarra,
      guzurra jake atsegin,
      ahoz onetsi egiten dabe,
      eta bihotzez gatxetsi.

Jainkoagan baino ez eizu
      izan atseden, ene barrua,
      Harengandik jatort-eta
      itxaroten dodana.
      Bera baino ez dot harkatx
      eta salbazino,
      nire babes: ezin naiteke kolokatu.

Jainkoagan daukadaz edertasuna
      ta salbazinoa,
      Jainkoa da nire arkatx sendo,
      nire iheslekua.

Itxaroizu Harengan atergabe, herria,
      isuri eizue Haren aurrean gogoa,
      guk ihesleku Jainkoa.

Gizakumeak arnasa huts dira,
      handikiak, itxura;
      danak batera pisuan ipinita,
      arnasea baino arinago dira.

Ez itxaron zapalkerietan,
      ez alperrik harrotu harrapakinetan,
      ondasunak gora badoaz
      ez eurei lotu.
      Berba bat esan dau Jainkoak,
      eta nik bi honeexek entzun:
      «Jainkoarena dala indarra,
      eta zeurea grazia, Jauna,
      eta Zeuk emoten deutsazula bakotxari
      bere eginakaitik dagokiona».

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Holan inoen gaiztoek: jarri deioguzan sareak zintzoari, aspergarri jaku-ta.

 

2 Ant.  Bere gain hartu ebazan askoren hutsegiteak, eta bitarteko izan zan pekatarientzat.

 66 Salmoa

Erruki bekigu Jainkoa,
      bedeinkatu gaizala,
      agertu deigula aurpegi alaia;
      ezagutu daien lurrean zure bidea,
      herri guztietan
      Zugandiko salbazinoa.

Ene Jainko, ospatu zaiezala herriek,
      ospa zaiezala herri guztiek.

Poztu beitez kantari atzerriak,
      zuzenbidez daroazu-ta izadia;
      zintzo dozuz-eta gidatzen herriak,
      eta zaintzen lurrean atzerriak.

Ene Jainko, ospatu zaiezala herriek,
      ospa zaiezala herri guztiek.

Lurrak bere uzta emon dau,
      Jainkoak, gure Jainkoak,
      bedeinkatzen gaitu.
      Jainkoak bedeinkatu gaizala,
      lur-bazter guztiek bildur deutsoela.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Bere gain hartu ebazan askoren hutsegiteak, eta bitarteko izan zan pekatarientzat.
 

3 Ant.  Kristogan, bere odolaz dogu erospena, eta pekatuen parkamena.

           Kantika:  Kol 1, 12-20

Eskerrak emoten deutsaguz
      Aita Jainkoari,
      argian, santuen oinorde-lagun
      egin gaituanari.

Ilunpearen menpetik atara gaitu-ta,
      eta bere Seme maitearen
      erreinura aldatu.
      Honexengan dogu erospena,
      Honexengan pekatuen parkamena.

Hau, Jainko ikusi-ezinaren irudi da,
      sorkari guztietan lehen-semea.
      Beronen bidez dira-ta eginak
      gauza guztiak,
      zeru-lurretakoak, agiri diranak
      eta ez diranak:
      Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
      gauza guztiak Beraren bidez
      eta Berarentzat dira eginak.

Diran guztiak baino lehenago da Bera,
      eta guztiek diraute Berarengan.
      Gorputzaren buru ere Bera da,
      Eleizaren buru, alegia.
      Bera da hasiera,
      hilen arteko lehen-semea,
      diran guztietan
      Bera izan dadin lehenengoa.

Jainkoaren gogoko izan da-ta
      betearen betea Harengan egotea,
      eta Haren bidez, gauza guztiak
      Berekin adiskidetzea;
      Haren kurutzeko odolaz
      bakeak eginik,
      zeru-lurretan diran guztiekin.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Kristogan, bere odolaz dogu erospena, eta pekatuen parkamena.
 

Jainkoaren hitza

Ef 4, 32—5, 2

        Izan zaiteze alkarrentzat onak eta errukitsuak, alkarri parkatuz, Jainkoak zuei Kristogan parkatu deutsuen lez. Izan zaiteze Jainkoaren antzeko, Haren seme-alaba zareen ezkero, eta ibili zaiteze maitasunean, Kristok ere maite izan zinduezan-eta, eta bere burua geuretzat emon eban, eskeintza-gai eta Jainkoarentzako opari usaintsu lez.

Galderantzuna 

V/. Gorespen Zuri, Kristo, * bedeinkatua Zu.
R/. Gorespen Zuri, Kristo, * bedeinkatua Zu. 

V/. Zuk zeure kurutzeaz salbau dozu mundua.
R/. Bedeinkatua Zu.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Gorespen Zuri, Kristo, * bedeinkatua Zu.


Magn. ant.
Holan dino Maisuak: Hur da nire ordua; zeure etxean ospatuko dot Pazkoa nire ikasleekaz.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Holan dino Maisuak: Hur da nire ordua; zeure etxean ospatuko dot Pazkoa nire ikasleekaz.

 

Eskariak

         Gurtu daigun, heriotza heriotzeaz ezereztu eta bizia piztueraz, berritu zuen gizadiaren Salbatzailea, eta eska dezaiogun apaltasunez:

Egizu santu zure odolaz berrerositako herria.

      —Gure Erosle, egizu, zure nekaldiari estuago itsatsi gakiozala neke-damuz, * biztuerako aintza lortu daigun.

         —Iguzu, zure amak, nahigabetuen poz-emoileak, babestu gaizala; * Zuk alaitzen gaituzun lez, guk ere alaitu daiguzan negarrez dagozanak.

         —Begitu bihotz onez, gure txarkeriekaitik bidean jausten diranei, * lagundu eiezu, eta zentzundu gaizuz, zuzentasunak ta maitasunak urten daien garaile.

         —Kurutzeko heriotzaraino menpeko eginik, zeure burua beheratu zenduan Horrek, * emon zure zerbitzariei, menpeko eta eroankor izatea.

         —Hildakoak zure gorputz argitsuaren antzeko bihurtu eizuz, * eta gu ere egunen baten euren bizilagun egin gaizuz.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

        Jainko Jauna, zure Semea kurutzean hiltea nahi izan zenduan, gu arerioaren menpetik aterateko; iguzu, biztutzeko grazia jadetsi daigula. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.