2026/10/26

IV. Eguena

BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. 

Goratzarreak

EGILE ON, ENTZUN

Egile on, entzun gure
otoitza eta negarra;
bekigu barau-aldi hau
salbabidezko indarra.

Bihotzaren ikertzaile,
badakizu huts gerana;
Zureganatzen denari
emaiozu barkamena.

Hoben asko dugun arren,
damutuoi barka, Jainko;
senda gure gaitzak, zure
izenaren osperako.

Hezi dezagun gorputza
neurriz jan eta edanez;
egigun damu-negarra
hobenaren bihotz-minez.

Jainko Hirukoitz dohatsu,
Jainko Bakar zoriontsu:
barau-aldi hau guztioi
on dakigula egizu, Amen.


Salmoak

1 Ant. Zeu zara, Jauna, nere laguntzailea, nire gordeleku eta salbatzailea.

143 Salmoa, 1-8

Bedeinkatua izan bedi
      nire harkatx dan Jauna,
      eskuok gudura
      eta atzamarrok burrukara
      egokitzen deustazana.
      Nire laguntzaile eta nire gaztelu,
      nire salbatzaile ta gordeleku.
      Nire babeski eta batu-leku da-ta,
      herriak menpeko emon deustazana.

Jauna, zer da gizakia
      Zu haretaz arduratu zaitezan?
      Zer da gizasemea
      Zu haretaz gogoratu zaitezan?
      Gizakia arnasaldi baten antzeko,
      haren egunak,
      ihes doan gerizaren antzeko.

Eratsi eizu ortzia ta jatsi zaitez,
      Jauna,
      ikutu eizuz mendiak,
      eta ketan jarriko dira.
      Jo tximistez eta sakabanatu eizuz,
      Zure gezia jaurtiz ikaratu eizuz.

Luzatu eidazu eskua goiko gainetik,
      atara naizu eta salbatu uholdetik,
      atzerritarren eskutik:
      guzurra dino-ta hareen ahoak,
      hareen eskoiak zin guzurrezkoa.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zeu zara, Jauna, nere laguntzailea, nire gordeleku eta salbatzailea.

 

2 Ant.  Dohatsu herri hori, Jauna du-ta Jainkoa!

143 Salmoa, 9-15

Kantu barri bat kantatuko deutsut,
      Jainkoa,
      hamar hariko salterioz abestekoa.
      Erregeei garaipena emon deutsezuna,
      Dabid, zure morroia,
      onik atara dozuna.

Atara naizu ezpata gaiztotik,
      salba naizu atzerritarren eskutik:
      guzurra dino-ta hareen ahoak,
      hareen eskoiak zin guzurrezkoa.

Gure seme-alabak landaren antzeko
      izan daitezala,
      gaztetan hazi daitezala.
      Gure alabak zutabe eder bezala,
      jauregiko zutabe landuak bezala.

Gure garautegiak beteak izan beitez,
      guztitariko uzta aberatsez.
      Gure ardiak milaka ugaritzen,
      ehunka ta alehunka larran,
      gure zamariak bizkarra betean.

Ez bedi gurean harresi-hausterik,
      ez atzerriratzerik,
      ezta gure enparantzetan aienerik.

Holako herria bai zorionekoa!
      Dohatsu herri hori,
      Jauna dau-ta Jainkoa!

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Dohatsu herri hori, Jauna du-ta Jainkoa!

 

3 Ant. Oraintxe etorri dira gure Jainkoaren salbazinoa ta erregetza.

 Kantika: Apk 11, 17-18. 12, 10b-12a

Eskerrak emoten deutsuguz, Jauna,
      bazaran eta bazinan
      Jainko ahalguztiduna;
      zure ahalmen handiaz
      jabetu zara-ta,
      eta errege izaten hasia zara.

Haserretu ziran atzerriak,
      baina heldu da zure haserrea,
      eta hilak epaitzeko ordua;
      heldu jake sari-ordua
      zure zerbitzari profetei,
      eta santu eta zure izenaren
      bildur diranei,
      txikiei nahiz handiei.

Orain etorri da salbamena,
      gure Jainkoaren
      indarra ta erregetza,
      eta bere Kristoren ahalmena;
      jaurtia izan da-ta
      gure senideen salatzailea,
      gure Jainkoaren aurrean,
      gau ta egun, salatzen zituena.

Hareek azpiratu dabe Bildotsaren odolaz,
      eta emon daben autormenaz:
      euren bizia ez dabe-ta izan maiteago,
      heriotza baino.

Poztu zaiteze, beraz, zeruak,
      eta euretan bizi zareenak.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Oraintxe etorri dira gure Jainkoaren salbazinoa ta erregetza.

 

Jainkoaren hitza

St 4, 7-8. 10

         Egon zaiteze Jainkoaren menpean; deabruari, barriz, egin gogor, eta ihes egingo dau zuengandik. Hurreratu zaiteze Jainkoagana, eta ondoratuko jatzue. Garbitu eizuez eskuak, pekatariok! Garbitu bihotzak, ezbaian zagozenok! Apaldu zaiteze Jaunaren aurrean, eta goratuko zaitue Harek.
 

Galderantzuna 

V/.  Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna.
R/. Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna. 

V/. Osatu naizu, zure aurka hoben egina nozu-ta.
R/. Urez eta odolez etorri zana. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna.


Magn. ant.
Nire egintza honeexek egiten deuste autormen: Aitak bialdu nauala —dino Jaunak—.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Nire egintza honeexek egiten deuste autormen: Aitak bialdu nauala —dino Jaunak—.
 

Eskariak

         Goratu daigun Jainkoaren errukia, Harek Espiritu Santuaren graziaz argitu gaitu-ta, zuzentasun ta sinismen-egitez distiratu daigun, eta egin deiogun otoitz, esanez:

Sendotu eizu, Jauna, Kristok erositako herria.

      —Santutasun guztiaren iturri zaran Jauna, batu eizuz Kristogan, Eukaristiako misterioaren bidez, gotzainak, abadeak eta diakonoak, * egunero berbiztu daien esku-ezartzeaz hartu eben grazia.

         —Irakatsi eiezu zure sinistedunei, behar dan lez hurreratzen hitzaren eta Kristoren Gorputzaren mahaira, * sinistez eta sakramentuz hartzen dabena, bizikeran erakutsi daien.

         —Jauna, Zuk lagunduz, ezagutu daigula zure Semearen odolaz erositako gizonaren nortasuna, * guztien askatasuna eta kontzientzia errespetatu daiguzan.

         —Egizu, Jauna, neurria izan daiela gizaki guztiek lurreko ondasunen gosean, * eta besteen beharrizanak arintzen arduratu daitezala.

         —Erruki zakiez, Jauna, gaur bizitza honetatik Zeugana deitu dituzun fededun guztiei, * eta emoiezu betiko zorionaren saria.
 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

      Jauna, zure bihotz onari apaltasunez dagitsagu otoitz; egizu penitentziak garbiturik eta egintza honeek lagundurik, zure aginduetan zintzo iraun daigula beti, Pazko-jaietairako garbi eta zintzoro prestau gaitezan. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.