2026/10/16

III. Domekea I

I. BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. 

Goratzarreak

EGILE ON, ENTZUN

Egile on, entzun gure
otoitza eta negarra;
bekigu barau-aldi hau
salbabidezko indarra.

Bihotzaren ikertzaile,
badakizu huts gerana;
Zureganatzen denari
emaiozu barkamena.

Hoben asko dugun arren,
damutuoi barka, Jainko;
senda gure gaitzak, zure
izenaren osperako.

Hezi dezagun gorputza
neurriz jan eta edanez;
egigun damu-negarra
hobenaren bihotz-minez.

Jainko Hirukoitz dohatsu,
Jainko Bakar zoriontsu:
barau-aldi hau guztioi
on dakigula egizu, Amen.


Salmoak

1 Ant. Bihotz-barritu zaiteze, eta sinistu barri ona —dino Jaunak—.

112 Salmoa

Jaunaren morroiak, goretsi eizue, 
    Jaunaren izena goretsi eizue.
    Jaunaren izena
    bedeinkatua izan bedi,
    orain eta gizaldiz gizaldi.
    Eguzkia sortu-lekutik sartzen danera,
    goretsia izan bedi Jaunaren izena.

Jauna garai dago herri guztien aldean,
    Haren ospea ortziaren ganean.
    Nor da Jauna,
    gure Jainkoa, hainakorik?
    Goian jesarrita dago;
    eta begia jaitsiten dau
    zeru eta lurreraino.

Jasoten dau dohakabea hautsetatik,
    ataraten behartsua sats artetik;
    jesarriazo daian nagusiekin,
    bere herriaren nagusiekin.
    Agor zana biziazoten dau etxean,
    seme-alaben ama eginik pozetan. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Bihotz-barritu zaiteze, eta sinistu barri ona —dino Jaunak—.

 

2 Ant. Eskeiniko deutsut gores-oparia, eta dei egingo deutsat, Jauna, zure izenari.

115 Salmoa

«Ni bai dohakabe» ninoan arren, 
    baneukan itxaropen.
    Hauxe esan neban nire larrialdian:
    «Gizaki guztiak dira guzurtiak».

Zer bihurtuko deutsat Jaunari,
    emon deustazan guztiekaitik?
    Salbazino-edontzia dot hartuko,
    eta Jaunaren izena deituko.

Emongo deutsadaz Jaunari
    zin egindakoak,
    herri guztia begira dagoala.

Jaunaren begietan balio handikoa
    Haren zintzoen heriotza.
    Zure morroi nozu ni, Jauna,
    zure morroi eta
    zure neskamearen semea,
    askatu dozuz nire kateak.

Eskeiniko deutsut gorets-oparia,
    deituko dot, Jauna, zure izena.
    Emongo deutsadaz Jaunari
    zin egindakoak,
    herri guztia begira dagoala.
    Jaunaren etxeko atarian,
    Jerusalem, zure erdian. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Eskeiniko deutsut gores-oparia, eta dei egingo deutsat, Jauna, zure izenari.

 

3 Ant. Ez deust inork kentzen bizia; Neuk emoten dot neure gogoz. Neure esku dago bizia emotea; eta neure esku berriro hartzea.

Kantika: Flp 2,6-11

Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera
    bereko izanik,
    ez eutson gogor eutsi
    Jainkoarekin bardin izateari;
    bestetara, baino, bereaz hustu egin zan,
    morroi-izaera hartuz,
    eta beste edozein lez azalduz. 

Eta gizon lez agerturik,
    apaldu egin eban bere burua,
    menpeko eginez heriotzaraino,
    kurutzeko heriotzaraino. 

Horregaitik Jainkoak goratu egin eban,
    eta izen guztien gaineko izena
    emon eutson,
    Jesusen izenera
    belaun guztiak makurtu daitezan,
    zeruan, lurrean eta lurpean,
    eta mihin guztik autortu daian:
    Jesu Kristo Jauna da,
    Aita Jainkoaren aintzarako. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Ez deust inork kentzen bizia; Neuk emoten dot neure gogoz. Neure esku dago bizia emotea; eta neure esku berriro hartzea.

 

Jainkoaren hitza

Eb 3, 12-14

         Begira, senideok: zuetako inork ez daiala izan Jainko biziagandik baztertuko dauan bihotz gaizto eta sinisbakorik; berotu eizue alkar egunero, “gaur” hori esan daiteken artean, zuetakorik inor gogortu ez daiten, pekatuak liluratuta. Kristoren lagun eginak izan gara, bai, baina azkeneraino sendo irautekotan, hasieran ginan lez.
 

Galderantzuna 

V/.  Entzun, Jauna, eta erruki zakiguz; * pekatu egin dogu-ta.
R/. Entzun, Jauna, eta erruki zakiguz; * pekatu egin dogu-ta. 

V/. Entzun, Kristo, gure otoitza.
R/. Pekatu egin dogu-ta. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Entzun, Jauna, eta erruki zakiguz; * pekatu egin dogu-ta.


Magn. ant.

A urtean:  Fedearen bidez zuzentasuna jadetsi dogun ezkero, bakean gagoz Jainkoarekin, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. 

B urtean:  Guk, Jesu Kristo kurutzeratua erakusten dogu, judutarrentzat oztopo dana eta greziarrentzat zorakeria; baina deituentzat Jainkoaren jakituria. 

C urtean:  Guzti hau gure ikasbiderako jazoten jaken gure arbasoei; eta harei agindutakoak geuri bete jakuz orain.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.

A urtean:  Fedearen bidez zuzentasuna jadetsi dogun ezkero, bakean gagoz Jainkoarekin, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

B urtean:  Guk, Jesu Kristo kurutzeratua erakusten dogu, judutarrentzat oztopo dana eta greziarrentzat zorakeria; baina deituentzat Jainkoaren jakituria.

C urtean:  Guzti hau gure ikasbiderako jazoten jaken gure arbasoei; eta harei agindutakoak geuri bete jakuz orain.

 

Eskariak

         Goratu daigun Kristo Jauna, gure maisu, eredu, eta anaia egina. Otoitz egin deiogun, esanez:

Bizkortu eizu, Jauna, zure herria.

      —Kristo, pekatuan ez beste guztietan geure antzeko egin zinan Horrek, irakatsi eiguzu, pozarren dagozanakaz pozik izaten, eta negarrez dagozanakaz negar egiten, * gure maitasuna egunetik egunera hazi daiten.

         —Egizu gose diranengan zure gosea arindu daigula, * eta egarri diranengan, zure egarria kendu.

         —Heriotzako lo-alditik, Lazaro itxartuazo zenduan Horrek, * egizu, pekatuzko heriotzan dagozan guztiak, sinistez eta damuz bizira bihurtu daitezala.

         —Egizu, zure urratsei guztiek jarraitu deieela arduratsuago eta hobeto, * Maria Birjina dohatsuaren eta santuen antzera.

         —Emoiezu gure hildakoei, zure aintzan berbiztea, * eta zure betiko maitasunean atsegin hartzea.
 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

         Errukiaren Aita eta on guztien iturri zaran Jauna, baraua, otoitza, eta limosna jarten deuskuzuz gure pekatuen osagarri; ikusi bihotz onez bere makaltasuna autortzen dauan zure herria, eta bizkortu gaizuz zure erruki handiz, pekatuaren zamapean aurkitzen garanok. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.