2026/10/16

II. Barikua

BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen.

Goratzarreak

EGILE ON, ENTZUN

Egile on, entzun gure
otoitza eta negarra;
bekigu barau-aldi hau
salbabidezko indarra.

Bihotzaren ikertzaile,
badakizu huts gerana;
Zureganatzen denari
emaiozu barkamena.

Hoben asko dugun arren,
damutuoi barka, Jainko;
senda gure gaitzak, zure
izenaren osperako.

Hezi dezagun gorputza
neurriz jan eta edanez;
egigun damu-negarra
hobenaren bihotz-minez.

Jainko Hirukoitz dohatsu,
Jainko Bakar zoriontsu:
barau-aldi hau guztioi
on dakigula egizu, Amen.


Salmoak

1 Ant. Atara, Jauna, nire bizia heriotzatik, nire oinok, jaustetik.

114 Sal

Maite dot Jauna, entzun dau-ta
      nire eskariaren oihartzuna.
      Bihurtu dau-ta belarria nigana,
      dei egin deutsadan egunean.

Heriotza-lokarriek inguratu ninduen,
      Lezako hedeak gaineratu jatazan,
      nahigabe ta larrialdian jausi nintzan.
      Deitu neban Jaunaren izena:
      «Atara naizu bizirik, Jauna».

Onbera da Jauna eta zintzoa,
      errukitsua gure Jainkoa.
      Jaunak gizagaixoak zaintzen ditu,
      dohakabe nintzan
      eta salbau egin ninduan.

Ene gogoa, bihurtu zaitez atsedenera,
      Jaunak onez bete zaitu-ta.
      Atara dau-ta nire bizia heriotzatik,
      begiok malkotik, oinok jaustetik.

Ibiliko naz Jaunaren aurrean,
      bizien lurrean.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Atara, Jauna, nire bizia heriotzatik, nire oinok, jaustetik.

 

2 Ant.  Jaunagandik nire laguntza, Harek zeru-lurrak egin ditu-ta.

120  Salmoa

Begiok mendietara jasotzen nik:
      laguntza niri nondik?
      Jaunagandik nire laguntza,
      Harek zeru-lurrak egin ditu-ta.

Ez deutsu oina kolokan itziko,
      zure zaintzaileak
      ez dau lo-kukurik egingo.
      Israel zaintzen dagoana,
      ez dau lo-kukuak hartuko, ez loak.

Jauna da zure zaintzaile,
      Jauna dozu eskoi-aldetik gerizpe.
      Ez zaitu joko egunez eguzkiak,
      ez eta gauez ere ilargiak.

Jaunak jagongo zaitu gatx guztitik,
      zainduko zure bizia heriotzatik,
      Zure sartu-urtenak
      Jaunak zainduko ditu,
      oraindixik betiko.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Jaunagandik nire laguntza, Harek zeru-lurrak egin ditu-ta.

 

3 Ant.  Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak dira zure bideak!

 Kantika:   Apk 15, 3-4

Handiak eta harrigarriak dira
      Zuk eginak!
      Atzerrien errege,
      zuzenak eta egiazkoak
      zure bideak!

Nor ez da izango zure bildur, Jauna?
      Nork ez dau goretsiko zure izena?
      Zeu baino ez zara-ta santua!
      Atzerriak etorri eta zure aurrean
      ahuspeztuko dira,
      zure erabagiak zuzenak
      agertu dira-ta.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak dira zure bideak!

 

Jainkoaren hitza

St 5, 16. 19-20

         Autortu eiozuez alkarri zuen pekatuak, eta egin otoitz alkarren alde, salbau zaitezen. Zintzoaren otoitz beroak indar handia dau. Ene senideok, zuetakoren bat egiatik okertzen bada, eta beste batek bide onera bihurtzen badau, jakin eizue, pekataria bide okerretik zuzenera ekarten dauanak, salbauko dauala bere arimea heriotzatik, eta pekatu asko estalduko jakozala.

 

Galderantzuna 

V/.  Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna.
R/. Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna. 

V/. Osatu naizu, zure aurka hoben egina nozu-ta.
R/. Urez eta odolez etorri zana. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna.


Magn. ant.
Jesus preso hartu-nahian ebilzen; baina bildur eutsoen herriari, profetatzat euken-eta.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jesus preso hartu-nahian ebilzen; baina bildur eutsoen herriari, profetatzat euken-eta.

 

Eskariak

         Gurtu daigun, heriotza heriotzaz ezereztu eta bizia biztuereaz barritu eban gizadiaren Salbatzailea, eta eskatu deiogun apaltasunez:

Egizu santu zure odolaz berrerositako herria.

      —Gure Erosle, egizu, zure nekaldiari estuago itsatsi gakiozala neke-damuz, * biztuerako aintza lortu daigun.

         —Iguzu, zure amak, nahigabetuen poz-emoileak, babestu gaizala; * Zuk alaitzen gaituzun lez, guk ere alaitu daiguzan negarrez dagozanak.

         —Emon sinistedunei, euren estualdietan zure nekaldiaren erdikide izatea, * zure salbazino-frutuak eurengan agertu daiezan.

         —Kurutzeko heriotzaraino menpeko eginik, zeure burua beheratu zenduan Horrek, * emon zure zerbitzariei, menpeko eta eroankor izatea.

         —Hildakoak zure gorputz argitsuaren antzeko bihurtu eizuz, * eta gu ere eegunen baten euren bizilagun egin gaizuz.
 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

         Garbitu gaizuz, Jainko ahalguztiduna; Garizumako penitentzia-aldian bihotz-barriturik, Pazko-egun santuetara heldu gaitezan. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.