2026/10/28

Martitzen Santu

BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen.

Goratzarrea

HOR JAUNAREN EZAUGARRI

Hor Jaunaren ezaugarri,
hor gurutzea dirdaidun
bizia denak, hor hilik,
bizi berri eman zigun.

Guk egin-hobenen ziztak
bihotza zion agertu,
hoben hauek garbitzeko
ur-odola isuri du.

Errege-jantzi gorriaz
ederturiko zuhaitza,
gorputz santu hau hartzeko
zuhaitz guztietan hauta.

Dohatsu zu, besoetan
bait duzu gure Bizia;
infernuari diozu
kendu bere dun saria.

Gurutze, zu poz bakarra,
Pasio-aldi honetan,
gehitu zintzoen grazia
gaitza kendu gaiztoengan.


Salmoak

1 Ant. Mormoxetok entzuten neutsazan jenteari: «Bildurra nahinon». Baina neugaz daukat Jauna, gudari indartsu.

48a Salmoa

Entzun hau, herri guztiok,
      hartu belarriz lurrean bizi zareenok:
      apal nahiz handiki,
      aberats nahiz behartsu.

Nire ahoak zuhurki dau berba egingo,
      nire bihotzak
      zentzunez gogoetan jardungo.
      Belarria zuhur-berbetara dot hurreratuko,
      nire asmakizuna
      lira-soinuz azalduko.

Zeren bildur naiteke egun baltzean,
      arerioen txarkeriak
      inguratzen nauanean?

Euren ondasunetan dabe
      itxaropidea,
      euren aberastasun handiz
      harrotzen dira.

Bere burua askatu daikenik
      inor ez dago-ta,
      Jainkoari bere askatasun-ordaina
      ezin deutso emon.
      Garestiegia da
      haren askatasun-ordaina,
      behinere ez da nahikoa izango,
      heriotza ikusi ez daian,
      bizi izan dadin betiko.

Ikusiko dau zuhurra hilten,
      zentzunduna ta zoroa
      bardin dirala galtzen,
      ondasunak
      besteei deutsezala izten.

Hilobiak dabez euren etxe betiko,
      hareetan euren egoitza
      menderen mende,
      lurrei euren izena
      emon badeutsee be.

Gizakiak ezin dau-ta iraun
      aberatsean,
      hilkorra da abereen antzean.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Mormoxetok entzuten neutsazan jenteari: «Bildurra nahinon». Baina neugaz daukat Jauna, gudari indartsu.
 

2 Ant.  Zeu izan zaitez, Jauna, nire laguntzaile zeure aurrean; nork emongo deust bestela bere eskua?

 48b Salmoa

Bide hauxe daroe euren buruagan
      uste zoroa dabenek,
      azken hauxe dabe euren hitzean
      atsegin dabenek,
      Ardiak lez doaz Lezara,
      Heriotza dabe artzain, eta hareen nagusi,
      zintzoak dira;
      goizean hareen errainua
      amatatua izango da;
      Leza izango dabe euren etxe.

Nire bizia, ordea, Lezaren menpetik
      Jainkoak dau askatuko,
      Berak nauka-ta hartzeko.

Ez estutu nonor aberastearekin,
      haren etxeko ondasunak
      gora joatearekin:
      Hil daitenean
      ezer ez dau-ta eroango berekin,
      ondasunak ez dira jatsiko harekin.

Bizi zala, harro ebilen,
      hau esanez bere kolkorako:
      «Ederto zaindu jok bere burua,
      jeutsoek esango»;
      baina gurasoen lagundira da batuko,
      ez dau behin ere argirik ikusiko.

Zentzunik barik,
      aberats bizi dan gizakia,
      hilten diran abereen antzeko da.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Zeu izan zaitez, Jauna, nire laguntzaile zeure aurrean; nork emongo deust bestela bere eskua?
 

3 Ant.  Hila izan zara, Jauna, eta zeure odolaz erosi gaituzu Jainkoarentzat.

           Kantika:   Apk 4, 11; 5, 9-10. 12

Aintza, ospea ta agintaritza
      hartzeko bazara nor,
      Jauna, gure Jainkoa;
      Zeuk eginak dira-ta diran guztiak,
      zure gura-izatez dira eginak.

Liburua hartzeko eta siluak urratzeko
      bazera nor,
      hila izan zara-ta,
      eta zure odolaz erosi dituzu
      Jainkoarentzat gizakiak,
      leinu eta hizkuntza,
      herri eta enda guztietakoak;

eta abade-erreinu egin dituzu
      gure Jainkoarentzat,
      eta errege izango dira lurrean.

Indarra ta aberastasuna,
      jakituria ta ahalmena,
      ospea, aintza ta gorespena
      hartzeko bada nor
      hila izan dan Bildotsa.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Hila izan zara, Jauna, eta zeure odolaz erosi gaituzu Jainkoarentzat.
 

Jainkoaren hitza

1 Kor 1, 27b-30

        Munduko argalak aukeratu ditu Jainkoak, indartsuak lotsatuazoteko; eta munduko arlote ta baztertuak aukeratu ditu Jainkoak, eta ezerezak, zeozer diranak ezerezteko, inor harrotu ez daiten Jainkoaren aurrean. Hari eskerrak zagoze zuek Kristo Jesusengan. Jainkoak Kristo hau guretzat jakituria egin dau-ta, eta zuzenbide, eta ganera santutze ta erospen.
 

Galderantzuna 

V/. Gorespen Zuri, Kristo, * bedeinkatua Zu.
R/. Gorespen Zuri, Kristo, * bedeinkatua Zu. 

V/. Zuk zeure kurutzeaz salbau dozu mundua.
R/. Bedeinkatua Zu.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Gorespen Zuri, Kristo, * bedeinkatua Zu.


Magn. ant.
Neure esku dago bizia emotea; eta neure esku barriro hartzea.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Neure esku dago bizia emotea; eta neure esku barriro hartzea.

 

Eskariak

         Gurtu daigun, heriotza heriotzeaz ezereztu eta bizia piztueraz, berritu zuen gizadiaren Salbatzailea, eta eska dezaiogun apaltasunez:

Egizu santu zure odolaz berrerositako herria.

      —Gure Erosle, egizu, zure nekaldiari estuago itsatsi gakiozala neke-damuz, * biztuerako aintza lortu daigun.

         —Iguzu, zure amak, nahigabetuen poz-emoileak, babestu gaizala; * Zuk alaitzen gaituzun lez, guk ere alaitu daiguzan negarrez dagozanak.

         —Begitu bihotz onez, gure txarkeriekaitik bidean jausten diranei, * lagundu eiezu, eta zentzundu gaizuz, zuzentasunak ta maitasunak urten daien garaile.

         —Kurutzeko heriotzaraino menpeko eginik, zeure burua beheratu zenduan Horrek, * emon zure zerbitzariei, menpeko eta eroankor izatea.

         —Hildakoak zure gorputz argitsuaren antzeko bihurtu eizuz, * eta gu ere egunen baten euren bizilagun egin gaizuz.
 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

        Jainko ahalguztidun betikoa, egizu parkamena jadesteko eran ospatu daiguzala Jaunaren nekaldiko misterioak. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.