2026/10/26

V. Eguaztena

BEZPERAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. 

Goratzarreak

EGILE ON, ENTZUN

Egile on, entzun gure
otoitza eta negarra;
bekigu barau-aldi hau
salbabidezko indarra.

Bihotzaren ikertzaile,
badakizu huts gerana;
Zureganatzen denari
emaiozu barkamena.

Hoben asko dugun arren,
damutuoi barka, Jainko;
senda gure gaitzak, zure
izenaren osperako.

Hezi dezagun gorputza
neurriz jan eta edanez;
egigun damu-negarra
hobenaren bihotz-minez.

Jainko Hirukoitz dohatsu,
Jainko Bakar zoriontsu:
barau-aldi hau guztioi
on dakigula egizu, Amen.


Salmoak

1 Ant. Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu? †

26a Salmoa

Jauna dot argi eta salbamen,
      nork ni bildurtu?
†    Jauna biziaren babes,
      nork ni izutu?
      Nire haragia jateko
      gaiztoak jatazanean oldartzen,
      nire etsai eta arerioak
      laprast egin eta jausi egiten dira.

Ez deust egingo bihotzak dar-dar,
      nire aurka gudu-txabolak
      ipinita ere;
      lasai egongo naz ni,
      nire aurka gudua sortuko balitz ere.

Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
      horren bila nabil ni:
      bizi izan naitela Jaunaren etxean
      nire bizitzako egun guztietan;
      Jaunaren samurtasuna
      gozatu daidan,
      Haren jauretxea
      begiz ikusi daidan.

Egun baltzean bere txabolan
      gordeko nau-ta,
      bere txabolearen gordeenean
      ezkutatuko,
      harkatxera nau jasoko.

Horregatik dot burua jasoten,
      inguruko arerioen gainetik jarten.
      Poz-opariak deutsadaz
      bere txabolan eskeiniko,
      eresi eta goratzarreak
      Jaunari abestuko.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu?

 

2 Ant.  Zure aurpegi-bila najabiltzu, Jauna; ez niri ezkutatu aurpegi hori.

 26b Salmoa

Jauna, nire deadar-hotsa
      entzun eizu,
      erruki zakidaz eta aditu eidazu.
      Zuk esana bihotzean dot entzuten:
      «Bilatu eizue nire aurpegia».
      Zure aurpegi-bila najabiltzu, Jauna.

Ez ezkutatu niri aurpegi hori,
      zure morroi hau ez laga
      haserrez baztertuta.
      Laguntza zaitut, ez naizula zapuztu,
      Jainko, nire salbamen,
      ez nazazu eskutik itzi.
      Aita-amek banindue zapuztuko,
      Jaunak beretzat ninduke hartuko.

Erakutsi eidazu, Jauna, zure bidea,
      eroan naizu bide zelaitik,
      ditudan arerioekaitik.

Ni nire arerioen aukeran ez laga,
      testigu guzurtiak jagi dira-ta
      nire aurka,
      indarkeria dariela.

Jaunaren ontasuna ikusi ustean
      nago bizien lurrean.

Itxaron Jaunagan eta izan kemen,
      bizkortu bekizue bihotza
      eta itxaron Jaunagan.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Zure aurpegi-bila najabiltzu, Jauna; ez niri ezkutatu aurpegi hori.
 

3 Ant.  Sorkari guztietan lehen-seme da, diran guztietan lehenengoa.

           Kantika:   Kol 1, 12-20

Eskerrak emoten deutsaguz
      Aita Jainkoari,
      argian, santuen oinorde-lagun
      egin gaituanari.

Ilunpearen menpetik atara gaitu-ta,
      eta bere Seme maitearen
      erreinura aldatu.
      Honexengan dogu erospena,
      Honexengan pekatuen parkamena.

Hau, Jainko ikusi-ezinaren irudi da,
      sorkari guztietan lehen-semea.
      Beronen bidez dira-ta eginak
      gauza guztiak,
      zeru-lurretakoak, agiri diranak
      eta ez diranak:
      Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
      gauza guztiak Beraren bidez
      eta Berarentzat dira eginak.

Diran guztiak baino lehenago da Bera,
      eta guztiek diraute Berarengan.
      Gorputzaren buru ere Bera da,
      Eleizaren buru, alegia.
      Bera da hasiera,
      hilen arteko lehen-semea,
      diran guztietan
      Bera izan dadin lehenengoa.

Jainkoaren gogoko izan da-ta
      betearen betea Harengan egotea,
      eta Haren bidez, gauza guztiak
      Berekin adiskidetzea;
      Haren kurutzeko odolaz
      bakeak eginik,
      zeru-lurretan diran guztiekin.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Sorkari guztietan lehen-seme da, diran guztietan lehenengoa.

 

Jainkoaren hitza

Ef 4, 32—5, 2

        Izan zaiteze alkarrentzat onak eta errukitsuak, alkarri parkatuz, Jainkoak zuei Kristogan parkatu deutsuen lez. Izan zaiteze Jainkoaren antzeko, Haren seme-alaba zareen ezkero, eta ibili zaiteze maitasunean, Kristok ere maite izan zinduezan-eta, eta bere burua geuretzat emon eban, eskeintza-gai eta Jainkoarentzako opari usaintsu lez.

 

Galderantzuna 

V/.  Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna.
R/.  Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna. 

V/.  Osatu naizu, zure aurka hoben egina nozu-ta.
R/.  Urez eta odolez etorri zana. 

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Hauxe dinot nik: * erruki zakidaz, Jauna.


Magn. ant.
Zuek Ni hil-nahian zabilze, eta Jainkoari entzundako egia besterik ez deutsuet esan.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zuek Ni hil-nahian zabilze, eta Jainkoari entzundako egia besterik ez deutsuet esan.
 

Eskariak

         Goratu daigun Jainko guztiz ahaltsu eta arduraduna. Berak ezagutzen ditu gure behar-aldi guztiak; baina guk gauza guztien ganetik zeruetako erreinua bilatzea nahi dau. Horregatik, deitu deiogun, esanez:

Betorkigu zure erreinua eta haren zuzentasuna.

      —Aita guztiz santu, Kristo gure arimen artzain emon deuskuzun Horrek, begiratu eiezu artzainei eta hareen  ardurapean dagozan herriei, artaldea artzainen arretarik barik gelditu ez daiten, * ezta artzainak ere artaldearen menpetasunik gabe.

         —Egizu, kristauek lagun deieela gaixoei senide-maitasunez, * hareengan zure Semea bera ikusiz.

         —Egizu, oraindino barri ona sinisten ez dabenak zure Eleizan sartu daitezala, * eta eregi daiela maitasunean euren egite zuzenez.

         —Iguzu pekatarioi, zure parkamena jadesteko grazia, * era berean, zure Eleizarekin baketzea lortu daigun.

         —Emon hildakoei betiko bizitzara aldatzea, * eta betirauean zure bizilagun izatea.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

        Jainko guztiz errukitsu, argitu eizuz penitentziak santutu dituan zure seme-alaben bihotzak; eta zure zerbitzurako gogoa emoten deuskuzunez, entzun bihotz onez gure otoitzak. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.